Aurkezpenekin jarraitzeko unea iritzi da! Gaur zuzenean aurkezpenetan murgildu gara, izan ere, asko gara gure lana aurkeztu beharreko taldeak eta ez da asti nahikorik denok gure gaiak jorratzeko. Gaurko honetan 6 izan dira oholtzara irten eta beraien lana erakutsi digutenak. Orokorrean power point eta Movie Maker baliabideak erabili dituzte lanak aurkezteko.
Honen inguruan esan behar dugu oso baliabide edo tresna erraz eta erosoak direla jende aurrean zerbait azaltzerako orduan. Power pointak, azken finean, esaten ari zaren hori indartzeko eta argiago ikusteko balio du, eta azkenean, hitz egiten ari denarentzat ere laguntza bat izan daiteke. Bideoa erabiltzea, aldiz, komodoagoa da, izan ere, hitz egitea saihestu daiteke, eta bideoak dena azaldu.
Honi buruzko kritika bat egin nahiko genuke; alde batetik askotan esaten da power pointen bidezko aurkezpenak ez direla batere originalak eta txapa utzak direla, izan ere, teoria azaltzeko baino ez da erabiltzen. Alde batetik, hori horrela dela esan beharra dago, hau da, power pointaren erabilera kontrolatzen ez bada klasea edo azalpena oso nekagarria izan daiteke, baina hau ez gertatzeko hainbat irtenbide daude, izan ere, power pointak hainbat tresna erabiltzeko aukera ematen du; ahotsa sartu, irudiak, bideoak, animazioak… eta horrela, guzti hau tartekatuz azalpena askoz dinamikoagoa eta eramangarriagoa egingo da. Beraz, power pointa bera ez da batere baliabide nekagarria, ondo erabiltzen eta probetsua ateratzen jakin behar da. Bestalde, aurkezpen hauetan ikusi denez eta orokorrean kurtso honetan ikusten ari denez, bideoa erabiltzearen kontua modan jarri den sistema da. Gure ustez, originala, dibertigarria, aberatsa… den tresna bat da, izan ere, azalpenak bideo bezala entzutean askotan askoz errazago sartzen zaizkigu ideiak buruan eta asko laguntzen du informazioa ulertzerako orduan. Gainera, musikaz eta mugimenduz beteta dagoenez, ez da hain nekagarria egiten. Hala ere, irakasle izango garen heinean, sarri erabiltzera ohitu behar ez garela uste dugu guk. Ikusten ari garenez, jendea gero eta gehiago ari da ohitzen aurretik bideo bat prestatzera eta ondoren klase aurrean jartzean ezer ez esatera, hau da, bideoari PLAY eman eta pantailak egin dezala lan guztia! Ez dugu esan nahi baliabide txarra denik, izan ere, oso erabilgarria da Lehen Hezkuntzan eta hainbat kasutan oso lagungarri izan daiteke, baina ikusten ari garenez, gero eta gehiago erabiltzera ohitzen ari gara eta askotan hau jende aurrean hitz egiteko beldurragatik da. Klase aurrean hitz egitea kostatzen zaien pertsonak bideoa prestatu eta horrela ez dute zertan hitz egin behar, baina horrela, ez dugu inoiz beldur hori kenduko eta azkenean, irakasleak izan nahi badugu oso garrantzitsua da komunikazio gaitasun hori garatzea eta jende aurrean hitz egiteko erraztasun hori lortzea.
Honegatik guztiagatik eta laburbilduz, baliabide guztiak ezagutzea eta hauek erabiltzen jakitea oso egokia dela ikusten dugu, beti ere bien arteko uztarketa bat eginez, eta bideoak egin arren ahozko azalpenak ahaztu gabe. Hau da, bakoitzak bere gaitasun eta abileziak kanporatu behar ditu hauei ahalik eta probetxu behien ateraz!
No hay comentarios:
Publicar un comentario